sareosoera

 

Mari Jainkosa, izarrezko mendi baten oinean kokaturiko haitzulo batean

zegoen hatsedena hartzen abereengandik gauzak nola zihoazen entzuten

zuen bitartean. Izokina, bere bidaiaririk gogokoena, itsasoko kondairak

edesten ari zitzaiola, beti elkarrekin zebiltzan bi beletzarrak hegan haitzulora

sartu ziren ulumuluka.

 

Bere jargoiko besoak osatzen zituzten sugeak mugitu ziren eta ondorioz bere

besaulkia eta honen atzekaldea mugitu ziren murmur eginez.

- Lasai! –agindu zuen Marik –Utz diezaiegun hitz egiten.

Honela, beletzar zaharrena hasi zen:

- Basoen gainetik hegan ari ginela negarrak entzun genituen eta lurrean

erditu berria zuen emakume bat zegoen. Hilda zegoen baina zilborhestea

hortzekin ebatzeko gauza izan zen eta haurraren inguruan bilduz bere titira

hurbildu zuen. Une batez iraun zuen bizirik eta zuen esnea haurrari eman

ondoren hil egin zen.

- Lamiei, zomorroei eta beletzarrei deitu genien –esan zuen beste

beletzarrak –Baita ere, haurrari eztia eta esnea ekarri zizkioten xortaz xorta

emanez.

- Oraindik bizirik dago baina benetako zaintza behar du –esan zuten.

Amak bere iluntasun izarratua astindu zuen zer egin zatekeen galdetuz.

Berehala, aintzinako izokinak esan zuen:

- Basoan badago itsasoratzen den ibai bat eta gainera, ahuntztaldea urtero

elkartzen den zelaiaren ondotik joaten da. Bertan, adarren burruka hotsen

artetik irabazle suertatzen den akerra eta ahuntz erregina elkartzen dira,

akertuz. Hala ere, haurra otso erregeak eraman zuen eta ahuntz erregina

oraindik haurrik gabe baina esnedun dago.

 

Marik pentsatzen jardun ondoren isilean barre egin zuen esanez:

- Lamiek adar mihituak zeharka meharka bildu ditzatela haurra bertan

etzateko eta eramateko adinakoa den otar zapal bat osatuz.

Eta beletzarrei esan zien:

- Bele txikiak, beletzarrak eta belatxingak elkartu itzazue. Gero, otarra

hertzetatik mokoekin heldu dezatela eta hegan Akelarreko basoira eraman

dezatela. Erreginari esaiozue, nire aginduz haurrari titia eman diezaiola bere

hurrengo haurra jaio bitartean eta orduan txoriek urte betez haurrari fruituak

zein baiak jaten emateko ardura har dezatela. Ondoren, beste urtebetez,

arrain lagunek emandakoa jango du.

Jarraian, Marik areago begiratu zuen, berekiko irrifar egin zuen eta

ondorengo agindua eman zuen:

- Haurra Akelarrearen hertzeko basoan Basajaun ikazkinarentzat lan egiten

duten senar emazteengana eraman ezazue, zeinak basotxoan egurra

ebakitzen aurkituko dituzue. Hauek gizon gisara haziko dute eta honela

Ikazkin bihurtuko da.

 

Eta halaxe gertatu zen. Haurrak urte bete zuenean, haizkolariaren emazteak

aurkitu zuen basoan lanean zebilen bere senarrarentzat janaria ekarri zuen

batean.

- Senarra, senarra, begira zer dagoen hemen! –esan zuen –Norena ote da?

Zergaitik ote dago hemen? Ezin dugu hemen utzi, ez dauka ezer soinean.

Ongi elikatua dagoen arren, zikin-zikin eta ubelez zein ebaketa txikiz betea

dago.

 

Haurraren izaeraz kontu emango zuen istorioren bat osatzen saiatu zen

emakumea eta azkenean, senarrak esan zion:

- Tira, zeuk haurra nahi zenuen eta nirea ez bada ere, iraungo duela dirudi.

Hori bai, zeure ardura izango da bera zaintzea.

 

Eta horrela izan zen. Haurra haizkolariaren sendiko kide bihurtu zen. Berba

egiten astiro astiro ikasten ari zen arren, txoriei, abereei eta arrainei ulertzen

ziela zirudien; ezin zuten ulertu bere inguruan mozorroak biltzearen zergatia

ez eta inoiz koskarik ez egitea ere. Behin batean, zazpiren bat urte zituenean,

lotan zeuden hartzama bat eta bere kumeak topatu eta esnatu zituen eta

ondorioz hartzemeari harzkumeei eraso egingo ziela etorri zitzaion burura eta

hartz oro bezala bere atzetik joan zen. Mutikoa korrika zertxobait aldendu

bazen ere, oker jo zuen eta erori egin zen. Hartzamari, eraso egitera

zihoanean erle bat sudurrera hurbildu zitzaion eta kosk egin zion. Jarraian,

erle talde izugarria azaldu zen haserre bizian firrinda eginez.

Mehatxu honen aurrean hartzama gelditu egin zen, burua astinduz, marraska

egin zion bere buruari eta bera eta hegan ari ziren erleen arteko hormatik

barrena haurrari so egin zion. Bi hatzamarrak begietara eramanez, irrikan

orroe egin zuen mutikoari barkamena eskatzen ari zitzaiola zirudiela eta bere

harzkumeengana alde egin zuen.

 

Hamabiren bat urte zituenean, Basajaunarekin, hainbeste denbora igaroa

zuenez, gurasoek ea berarengandik lanbidea ikas zezakeen galdetu zioten.

- Bai, -erantzun zuen ikazkinak -egur puskekin egiten dituen irudi hoiek

niretzat oxkatzen dituen bitartean. Egiten dituen lauetatik bat niretzat nahi

nuke.

Hirurak bat etorri ziren eta hala gertatu zen. Basajaunari lagundu zion eta

bere aitak zuhaitza haizkoraz ebaki ondoren utzitako egurra biltzen zuen;

gaindikin zeuden fruituak, ezkurrak, intxaurrak eta baiak biltzen zituen eta

hauetatik landare berriak hazi zituen ebakitakoak ordezkatze arren.

 

Eta gizon bilakatu zen. Lurra garbitzen, borobila marratzen eta egurrikatzezko

metaren burua osatzen ikasi zuen eta baita ura gordetzeko buztinezko zuloa

eraikitzen ere. Belarrezko zotalak nola moztu ikasi zuen gero metaren

gainean ipini beharko zituenak gehiegi goritu ez zedin. Meta zaintzen ikasi

zuen sugarrak gehiegi piztu ez zitezen eta eginbeharra gauean ikazkina eta

biak elkar banatzen zuten. Eta baita abere txikiak eta txoriñoak oxkatzen ere.

Metarekiko behar zuen ardura zabala eta bere oxtaketetarako behar zuen

gogo-bilketa zehatza aldi berean erabiltzen ikasi zuen. Eta baita irudiak nola

marraztu ere, oskolean eta harri gainean ikatza erabiliz edota zenbait lur

zatiak erabiliz margoak lortzen zituen, egurrikatza bahetu ondoren metan

geratzen zirenak gehien bat.

 

Udaberriko Akelarrean emakume bat topatu zuen bere begietan gaueko

zerua ikusiz eta honek, era berean, gizonaren begietan giza irudi galanta

ikusi zuen lurreko hutsuneetatik barrena eta geroago ernatuko ziren eta

barreiatzen ari ziren hazien artetik zangoka zihoalarik.

Elkarrekin bizitzen jarri ziren, txabola bat eraikiz, etorkizuneko garai

hotzetarako fruituak, intxaurrak, haziak, sustraiak eta abarrekoak biltzen

arituz. Baina zazpigarren ilargian emakumea gaisorik jarri zen eta odola

isuritzen hasi zen. Sorginari deitu bazioten ere ezin izan zuen ezer egin eta hil

egin zen.

 

Olentzero hasieran asaskatu ezinik zebilen ikatz metan etzan eta zeru

izartsuari begira bere kuttunaren irudia ikusi zuen arte, honela ziola:

- Izanen den orok itxurra dauka eta itxura duen oro izanen da. Ikusten

banauzu, izanen naiz.

Une horretan metak barnean argi bizi baten dizdira egin zuen bapatean

eta bihotza hainbeste estutzen zion harrizko zamagandik askatu zen.

 

Eguneroko bizitzara gogo eraberritu batez itzuli zen. Hegoak zituzten izakiak

igeri egiten ikusten hasi zen eta ureko izakiak hegan egiten ere. Hoiei begira

zegoela ikazkinak ikusi zuen. Behin batean, oskola zatia miatzen ari zela bere

nagusiak esan zion:

- Bihar sorginak ikusi behar dituzu .

Hura ez zela ohizkoa pentsatu zuen baina ez zuen ihardoki. Sorginen

haitzulora eraman zutenean txoriak irabiatzen ari ziren eta abereak

berriketan, algara bizian eta kurrinkan zeuden. Sorgin trebariek berari

begiratu zioten eta nagusiari honela esan zioten:

- Hemendik eraman ezazue, eta hiru egun barru eguzkia bere gorenean

dagoenean, Auñamendiko haitzuloan dagoela zihurtatu ezazue.

 

Egun hartan nagusia harreta haundiz txinpart harria, haizto obsidiarrak,

egurrikatza eta loreak gazteak berekin zituela zihurtatzen ari zen.

Olentzerok haitzuloaz entzuna zuen baina non zegoen nagusienek bakarrik

zekitela bazekien. Hala ere, berak bazuen zerbait bere baitan, isilean

gordetzen zuen zerbait. Inoiz inori ez esandako hori.

 

 

 

Bestalde, jendeak bazekien mozorro, txori zein arrainekin hitz egin zezakela.

Ez zekiten, ordea, Lamien laguna zela eta berari hitz egiten ziotela eta oinez

zihoanean, zirarraz berari buruz hizketan nola ari ziren entzun zezakeela.

Errekaren makurrera iritsi zirenean nagusia gelditu egin zen, hosto handiak

bildu zituen eta hauekin begiak estali zizkion eta ondoren begiak eta hostoak

buztinez estali zituen, gehiago ikus ez zezan. Gero, nagusia aurretik gidari

zuela bidean gora eraman zuten haitzuloko ahora iritsi arte. Ikusi ezin zuen

arren, lamiek bera ikus zezaketen eta horregatik nagusiaren laguntzarik gabe

haitzulora iristeko gai izango zen.

Azkenean iritsi ziren. Katuka ibiltzeko esan zioten, eta hala egin zuen. Katuka

zebilela besoekin harria ukitu zuen eta burua altxa ezkero harria senti

zezakeen. Katuka zihoan zuloko sapaiarekin ere topo egin zuen. Azkenean

bere inguruan guneren bat somatu zezakeen, besoak lotuta zituen eta

ordurako begiko estalkia lehorra zegoen eta hautsi egin zen. Hostoak kendu

zizkioten eta ikusi ezin bazuen ere, airea usain zezakeen. Gero, oraindik tinko

zegoela, ahots zahar baten doinua eta suzko borobil bat osatzen zuen

firrinda entzuten ziren. Benetan, borobila suzkoa zen eta dizdiratsuagoa

egin zen eguzki txiki bat bilakatu arte. Orduan gelditu egin zen eta kandela

bat piztuz non zegoen ikus zezakeen. Haitzuloko orma baten aurrean zegoen

zutik. Bizitzatik marraztutako abereen irudiez estalia zegoen.

Iaiotasun haundiko norbaitek eginak izan ziren, irudi bakoitzak berak

harrapatu nahiean zebilela ikusi zuen hori bera isladatzen bait zuen.

Abereen izatasuna hain zuzen. Haitzuloan berekin batera inguruko

Basajaun eta Basandere nagusienak zeuden. Ezin zituen ordea berari heltzen

ari zirenak ikusi, dardarka ari zelarik, beldurtuta zein hunkituta bait zegoen.

Basajaun eta Basandereak kantuari utzi zioten eta esan zioten:

- Zeure bizitza ondoren egiten duzunaren menpe dago. Bertan marrazteko

leku bat prestatua daukagu zuretzat.

- Zer marraztu behar dut? –galdetu zuen.

- Nahi duzuna, –erantzun zioten –baina oraintxe bertan egin behar duzu.

Leku honetarako egokia den zerbait izan beharko du.

 

Haitzuloan putzu bat zegoen. Berak ikatza eta lurrezko margoak berekin

zeramatzan. Beretzako prestatu zuten gunea ikusi zuen eta so ari zitzaiola,

Lamiak bertan zeudela ikus zezakeen, lurreko izaki bizidun ororen izatasunari

deitzen ari zirela zirudielarik. Eta ondoren, haitzuloko ormak dardarka hasi

ziren, aldatuz eta luze luze zutik zegoen hartz izugarri bat zela iruditu

zitzaion. Iparraldeko Zeruko Hartz Handia.

 

Halako asmapenaren aurrean, hunkiturik irudia marrazten hasi zen, eta

irudikatuz eta margotuz ari zela, leizezuloko ormara hartzaren indarra,

ahalmena eta ia gizatasuna bizitzara ekarri zuela zirudien.

 

Jadanik bukatua zegoen. Ezer gehiago eranzteak pikutara bidaliko zuen.

Ahula sentitzen zen eta nekatuta zegoen, gosez zein egarriz, eta bere begien

aurrean, lurrean, bi opil, eztiz bete ontzi bat eta hiru ur bete pitxar zeuden.

Basajauna eta Basanderea kantuan jarri ziren eta beraien ahotsak haitzuloko

beirazko zintzilikarien barrena oihartzun egin zuten. Itzela izan zen.

Udazkenean lanbrotutako gauaren ondorengo egun izoztua bezalakoa zen

eta lamiak bera goresten ari ziren. Nagusienek zaindariei deitu zieten

esanez:

- Bidal ezazue Olentzero kanpora, eguneroko bizitzara.

Zuloko ahora eraman zuten eta katuka kanporatzeko esan zioten.

Zerbaitegatik, kanporako bidea barrurakoa baino zailagoa suertatu zen.

Azkenean, bere aurrean argia ikusi zuen eta sartzen ari zen eguzkiaren

argirantz katuka hurbildu zen, mendien gainetik urre koloreko argi arroxa

batez dizdira egiten zuelarik.

-- Tira, eta hau eta gero hurrengoa zer? -pentsatu zuen.

 

Haranetik behera ibili zen eta horretan zegoela bere hildako maiteaz oroitu

zen, bere Neskatozeruz eta bien gogokoen leku batetaz. Etxera joan zen eta

hartz larruzko estalkia hartuz mendian gora joan zen. Ilargia zegoeneko goian

eta betea zegoen eta lurra argitua zegoenez bere bidea erraz ikus zezakeen.

Mendian gora mantso mantso zihoan haritza topatu zuen arte. Ilargiko argiak

adarren barrena dizdira egin zuten bizirik zirudiela. Hartz larruzko estalkia

lurrean zabalduz, gainean etzan zen eta adar soilen artetik gaueko zerura

begira jarri zen izarrak eta haritzaren adar ertzak elkartzen ari zirela iruditu

zitzaion arte, eta adarrek guztiak elkartzen zituztela, haritzaren irudia eta

ortziaren irudia bat zetozelarik. Eta ondoren, putzu bare bati so ari zitzaiola, ur

azala lardasten hasi zen eta haritza eta zerua ikatz meta bat bilakatu ziren eta

adarrak era berean euskaldunak bilakatu ziren. Elkarri zurru murruka zeuden

eta ikatz meta osoa bizirik zegoen ke hodeiak sortuz eta kea metaren artetik

gehiagotzen ari zela haiek bizitzaren errekako burbuilen antzekoak iruditu

zitzaizkion, eta oso esanahi gutxi zuen hain zuzen.

 

Hala ere, beraiek egindakoak bazuten esanahia eta gaia. Sua eta kearen

ondoren geratutako ikatza bezalakoa zen. Gizakiek egindako gehienak oso

garrantzi gutxi izango balu bezala zen eta hain zuzen, beraiek atzean utzi

zutena zela beraien benetako izaera. Ikatz meta estaltzeko erabiltzen ziren

lurraz oroitu zen eta berak geroago erabiltzeko noizean behin uzten zituzten

lur margodun berezietaz ere. Eta bitxiak egiteko burdin langileek erabiliko

zituzten isurkai gogorretaz, eta labainak eta gezi buruak egiteko erabiliko zen

beira obsidiar beltzaz ere. Jarraian, begirada berriz aldatu zitzaion eta argi

izpietan bidaiatzen ari ziren ikatz metaz inguraturiko zerua ikusi zuen izarren

artean, ortzia mariorratzez bete beteta zegoelarik. Guzti honen aurrean

dardar egin zuen eta ondoren lurrera itzuli zen, danba eginez izan bazen ere.

Bere bizitzari begira jarri arazi zion ordea: Berak oxkatutako egurrezko

irudiak; Neskatozeru, bere galdutako kutuna; jaio ez zen beraien haurra; hala

nola bere aita ezezaguna bera eta bere jaiotzaren ezkutapena ere.

 

Lamiek guztiari buruz zerbait esana zioten baina gertaeren hariaren oroimena

ez zen beraiengan oso ona eta kondaira liluragarriez beterik zeuden. Are

gehiago, bi gertaera nola lotzen ziren galdetu ezkero, sorginkeria zen beti

beraien erantzuna.

 

Bizitzak erakutsi zion zenbait haurrek oso gogokoak zituztela berak

oxkatutako irudiak. Bere begiekin ikusi zuen Jaunaren Izenaren doinuak

nagusia eta biak ikatz meta eraikitzen ari ziren bitartean beraien buruak esku

artean zuten lanean edukitzeko balio zuela. Baita metaren oinarria osatuko

zuten zarama eta lurra garrantzizkoak zirela ere. Eta biek batera denbora

guztian sugarrak gehiegi bizitu ez zitezen arreta osoa metan ipintzeko

beharra bilakaeraren atal beharrezkoa zela; sugarrak gehiegi piztu ez zitezen

urezko azalak beharrezkoak zirela eta meta bakoitzak bere denbora behar

zuela, arindu ezin zitekeena hain zuzen.

Amaitua zegoenean ere, ikatza bahetzea eta banatzea beharrezkoa zen

ondoren ontzilariei zein metal galdatzaileei emate arren eta sendiei ere gero

janaria egiteko erabili zezaten. Eta baita haurrei ere marraztu eta margotu

zezaten; beira lantzen zutenei ere. Beraz, hain apala zen gai hura, ikatza,

onuragarria zen guztientzat. Eta gero bururatu zitzaion urte berrian, beheko

su berria pizten zen garaian, haranean etxez etxe joan zitekeela, berak

oxkatutako irudiak eta ikatza oparituz eta hauekin batera ogia eta gatza,

dohainik elkarri gauzak emateko ohiturak elkarren artean bizirik iraun zezan.

Eta horrela izan zen eta gaurkoen artean ere izanen da eta horrela behar du

izan.

 

Goizean nagusia berari begira zegoelarik esnatu zen.

- Zer, atzo oso lanpetuta egon zinen , ezta? –esan zion –Eta orain zure kasa

egon nahiko duzu!

- Ez, -erantzun zion -urte askotan zurekin egongo naiz hil arte.

Nagusia hurbildu zitzaion eta eskua luzatu zion, esanez:

- kaixo, laguna, egiteko makina bat dago eta gainera, premiazkoa da

eginbeharra baina denbora franko daukagu eta bidaian zehar kide piloa ere

bai.

© Haizea 2000

Sareosok zerbitzaile honen bidez edonori informazioa eskeintzen eta berau erabiltzeko

gonbitea luzatzen dion bitartean, ipuin honen itzulpenaren argitaralpen eskubideak

Haizeak ditu. Ondorioz, ezingo da:

§          Testua edonori eman Haizearen baimenik gabe

§          Informazio hau zure zerbitzailean “isladatu” gure baimenik gabe

§          Sistema honetan testua aldatu zein berrerabili  

Ahal izango da:

§          Zure erabilerako soilik informazioaren kopiak imprimatu

§          Zure ordenagailuan fitxategiak gorde zeuk bakarrik erabiltzeko

§          Zeure dokumentuetatik zerbitzaile honi erreferentzia egin. Hori egin ezkero,

mesedez, atal osoa lotu ezazu, horrela atariaren ikuspegi zabalagoa ikusteko

aukera ematen bait zaio jendeari.

Bestelako eskubideak Haizeak izango lituzke.